Komunikazio talde honetako egunkari arabarrean Abiadura Handiko Trenaren ingurukoak izan ziren albiste nagusietako bat astelehenean. Paperezko edizioan oso handi zetorren Burgos-Gasteiz tarteko lanetan, Pankorbo inguruan, makinen aurkako sabotajeak egon direla. Sabotajeak edo bandalismoak, kazetariak bi hitzak erabiltzen baititu, nire ustez sinonimoak ez badira ere. Badirudi pintadak ere agertu direla “AVE no” besteen artean, egunkariak dioen arabera, euskaldunak automatikoki errugabe egiten gaituen leloa, hemen “AHT ez” erabili ohi baita, baina batek daki, elebitasunari ere egotzi ahal zaio hizkuntzen nahasia, edo internazionalismoari.

Ondoan, eta txikiagoa, azaltzen zen Espainiako Aldizkari Ofizialak Gasteizen trenak izango duen ingurumen-inpaktuari buruzko txostena (aldekoa, jakina) argitaratu duela, inpaktu larria, antza. Hiru arlo nabarmentzen dira txostenean: zaratak, bibrazioak eta akuiferoa; era berean, hartu beharreko neurriak zehazten dira: lau metroko altuera izan behar duten hesi akustikoak hainbat tartetan; bibrazioen kontrako kilometro eta erdiko burusiak sei tartetan, trenbidearen 500 metrora dauden eraikuntzak babesteko, Salburua eta Zabalgana auzoetan batez ere, non ez den lurperatze erabatekorik egongo; eta sifoiak eraiki (lurra zulatu?) Gasteiz azpian dagoen akuiferoan (guztiz kutsatuta, bestalde) ur maila leku batzuetan igo eta beste batzuetan jaitsi ahal delako. Ni neu inpaktatuta gelditu naiz inpaktuarekin.

Ondo-ondoan, eta askoz txikiagoa, Erriberabeitiko Udala eta Arabako Batzar Nagusiak udalerri horretan trenak izango duen ibilbidearekin ez daudela ados zetorren.

Hori guztia gutxi izango balitz, arratsaldean egunkariko edizio digitalak Borja Rodríguez zinegotzi sozialistaren adierazpena zekarren, ziurtatzeko trenaren lurperatzea Gasteizen segurua dela, hor dagoela inpaktuaren erresoluzioa. Badirudi Oscar Puente ministro espainiar ospetsuak esan zuela ez dagoela dirurik hainbeste lurperatzetarako, PPk berehala aprobetxatu duena zaurian piko egiteko.

Datei buruz bazetorren zerbait, baina hori beste txantxa negargarri baterako utziko dut.