Gidoiaren bat-bateko norabide aldaketarekin harrituta utzi ditu denak Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Hautsak harrotu ditu bere agenda publikoa bertan behera utzi eta hausnarketa egiteko egun batzuk hartzeko hartu duen erabakiak. Estrategia politikoa alde batera utzita, Espainiako giro politiko eta mediatikoa zein neurrira arte lokaztuta dagoen berresteko balio izan digu, besteak beste.

Joan Mari Torrealdai handiak behin Berriaren eta euskalgintzaren kontrako kanpaina gezurti eta gupidagabeaz esan zidan bezala, “gezur bat mila aldiz errepikatuz gero, egia bihurtzen den mundu bat bihurtu da hau”. Espainiako politika eta inguruan dituen ahots mediatikoak jasanezinak bihurtu dira, gezurrak eta irainak dira nagusi, eta Sanchezen geldialdia horren aurkako protesta da. Baina beste zerbaiti buruz ere pentsarazi digu Sanchezen erabakiak. Pentsatzeko denboraz.

Hain azkar doan mundu honetan, erantzunak bat-batekoak izatea eskatzen digun gizarte honetan, ez diogu baliorik ematen hain beharrezkoa den hausnarketari. Batzuk esaten dute halako ardura handia duen kargu batek ezin duela geldialdirik egin. Nik, aldiz, ardura handiak dituzten asko gonbidatuko nituzke pentsatzeko txokora.

Arlo guztietara zabalduko nuke pentsatzeko denbora hartzearen beharra eta eskubidea. Adibidez, eta tokiko politikara begira, Gasteizko Euskararen Etxeak aurrera egitearekin ardura dutenei eskatuko nieke baita ere hausnarketa egiteko, pentsatzeko zein izan den hona arteko bidea, proiektuak izan dituen traba guztiak, Lazarraga elkarteak egin dituen ahaleginak… Gasteizko euskaldunek ez dugu merezi kaxa huts bat, edukiz betetako Euskararen etxea behar dugu, eta gehiegi luzatzen ari da itxaronaldia.

Inertzia ezkorra gelditu eta haren norabidea aldatzeko ahalegina egitea. Edozein arlotan ardura duenari, horixe eskatu beharko genioke beti.