Prest daude Zaldiko Maldiko elkartekoak Julia Fernandez Zabaleta pastorala oholtzaratzeko. Arlo anitzetan aitzindari izandako iruinalaba honen bizitzako pasarte erranguratsuenak berreskuratzen dituen obra 17.00etan hasiko da, non eta protagonista bera irakasle izandako tokian bertan,San Frantzisko eskolako jolas-tokian. Bigarren emanaldi bat ere eginen da datorren astean, maiatzaren 12an, goizeko 11.00etan. Bi saioetarako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko. 

Obraren helburua, egileek nabarmendu dutenez, pedagogian eta feminismoan aitzindari izan zen emakume euskaltzale honen bizitza ezagutzera ematea eta merezitako aitortza egitea da. Mikel Tabernak idatzi eta Ihitz Iriartek zuzendu duen pastoralak, hartara, Julia Fernandez Zabaletaren bizitzako pasarte nagusiak berreskuratzen ditu, aurretiko dokumentazio eta ikerketa lan zabala eskatu duena. Artxiboetako dokumentazio desberdinaz gain, hartara, lekukotza ugari ere jaso dira sorkuntza bidean, tartean baita Fernandez Zabaletaren ikasle izandakoena ere. 

Pastoralaren sorkuntza, hala ere, auzolan handi baten ondorio izan dela nabarmendu dute egileek. Arizale lanetan, ZaldikoMaldikoko kantu-tailerretako partaideak arituko dira eta Julen Leuzak zuzenduko du bederatzi kidez osatutako musika taldea. Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Saria Robles eta Ainara Ieregi bertsolariek ere parte hartuko dute. Hamar bat lagun aritu dira kantuak sortu eta idazten, beste hainbeste arlo teknikoetaz arduratzen ere. Denetara, 50 bat pertsona baino gehiagoko taldea aritu da pastoralaren sortze prozesuan. 

Emakume erreferentziala

Julia Fernandez Zabaleta aitzindaria izan zen pedagogiaren arloan, Montesoriren eredua jorratu zuen lehenengoetarikoa;emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua izan zen eta euskararen alde ere borrokatu zuen. Nafarroako Emakume Abertzale Batzaren sortzaile, urrats garrantzitsuak eman zituen politikaren munduan, EAJ-ko mitinlari garrantzitsuenetako batean bilakatuz. 

Gerra garaian Lapurdira ihes egin zuen eta liskarra bukatu zenean itzuli zen Iruñera. Bertan hil zen 1961ean.