Paz de Ziganda ikastolan familia da guztiaren oinarria. Guztiaren oinarria? Bai, antolamenduan, arlo pedogogikoan zein orientazio akademikoan parte hartzen dute.

Familiak antolamenduan

Guraso kooperatiba bat izanik, familiak dira Ikastolaren titulartasuna dutenak. Batzarra da organo gorena, baina eguneroko kudeaketa aurrera eramateko, Artezkaritza Batzorde bat osatzen da. Artezkaritza Batzordeak Zuzendaritzarekin batera lan egiten du ikastolaren funtzionamendua egokiena eta eraginkorrena izan dadin. Urtero zehazten diren erronkak lortu ahal izateko lantaldeen laguntza izaten du. Badira Artezkaritza Batzordeko kideak ez diren familiak, baina lantalderen batean parte hartzen dutenak.

Guraso taldeak

Talde bakoitzak funtzio bat du eta talde guztiek ikastolako komunitatearentzat zein ingurukoentzat emanaldiak garatzea dute helburu, denok aberasteko.

Jirabira, elkartasuna

Paz de Ziganda ikastolan helburutzat ditugun balioen artean, solidaritatea lantzea da funtsezko bat, bai ikasleen bai familien parte-hartzea bultzatuz. Eskola lagunkide bat izan nahi dugu, eta gure ikasleriarengan muturreko egoeran dauden pertsonenganako sentsibilitatea garatu dadila nahi dugu. Urtean zehar ekintza anitzak antolatzen dira eta lortutakoa hainbat erakunderi eskaintzen zaie, era orekatu batean banatzeko helburuarekin (elikagai bilketak, azoka solidarioak, material bilketa eta abar.

Gobernuz Kanpoko Erakunde ugarirekin egiten dugu lan: Zaporeak, Arua Elkartasuna, Ayudacontenedores, Adano, Paris 365…

Auzolanak

Beste hainbat gauzetan bezala, auzolana gure arbasoek emandako ondarea da eta eta ikastolan antzinako irudi hori garai berrietara egokitu nahi izan dugu. Egin beharreko lanak identifikatu, behar den materiala prestatu eta familien artean burutzen dira. Lana bai, baina ongi pasatzea eta ikastolako guraso, ikasle eta langilen arteko erlazioak sustatzea, kohesioa, ere ekartzen dute horrelako ekimenek.

Euskaraz Bizi

Ikastolan, ordu lektiboetatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko ekintzak antolatzen ditu: jolasak, tailerrak, karaokea… Euskararen erabilera esparru formaletik informalera zabaltzea du helburu Euskaraz Bizi taldeak. Horretarako, hainbat ekimen egiten ditu: lehiaketak, jolasak, karaokeak, folklore-jarduerak, kantuz, tailerrak, antzerkiak… Ikastolan Korrika, Euskaraldia eta antzeko ekimenak garatzea da bere beste indarguneetako bat.

Gelako ordezakariak

Guzti horrez gain, ikastalde bakoitzean bi ordezkari izendatzen dira, ordezkari guztien artean ikastola osoa hartzen duen sare bat osatuz. Ordezkariek eginkizun zehatzak dituzte, hala nola, klaseko bozeramailea izatea, jarduerak antolatzea, kurtsoko asanbladara bertaratzea, eta beste gurasoak antolatzen diren ekintza eta prestatu beharreko jardueretan parte hartzera animatzea. Ordezkariek edozein iradokizun eta proposamen egiteko aukera ere badute.

Familiak arlo pedagogikoan

Kooperatibisten komunitatean diziplina anitzetan, esate baterako, osasunean, energian, ekonomian, literaturan, musikan, segurtasunean eta informatikan, une jakin batzuetan, gurasoek formatzaileen papera hartzen dute.

Hezkuntza arloaz profesionalak arduratzen dira, baina etengabe saiatzen gara familia eta ikastolaren arteko zubiak eraikitzen. Lehengo egunetik ikasgelan familiak seme-alabarekin batera ikasgelan sartzera gonbidatzen ditugu. Garrantzitsua da haurrak ikastolan aurkituko dituen pertsonak, espazioak eta materialak bere gurasoen eskutik ezagutzeko aukera izatea. Egun horretatik aurrera hasten da atxikimendua eraikitzen, gerora ikastolan izanen dituen bizipen eta esperientzia guztien baldintzatzailea. Atxikimendu positibo bat eraikitzeko baldintzen artean, ezinbestean, familiaren parte-hartzea eman behar da.

Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoa bitartean, familiak beraien seme-alaben ikaskuntza prozesuan inplikatzen saiatzen gara.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, adibidez, lantzen ari garen gaia aberasten duten parte-hartzeak antolatzen ditugu. Norberaren lanbideak ezagutzera ematera hurbiltzen dira beraien seme-alabaren gelara, musika saioetan musikariak diren gurasoak hurbiltzen dira, beraien lantokiak bisitatzen ditugu edo familian izandako bizipen edo esperientzia zehatz bat partekatzeko aukera eskaintzen da. Zubi horiek, elkarlana sustatzeaz gain, komunitatea sendotzeko ere balio dute.

Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, orientazio profesional arloan ekarpenak egin dituzte unibertsitateko edo lanbide-heziketako hainbat diziplinatako lan-errealitatea ezagutzen laguntzeko.